Kanpainak, termino globaletan, dagoeneko 282.478 euro bildu ditu, lehen sei hilabeteetan mila dohaintza gaindituz.

Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzea eta bertan elikadura burujabetzari loturiko laborantza proiektu agroekologikoak martxan jartzea; horixe du helburu Biolur elkarteak. Horretarako, besteak beste, abenduan ekin zion interneteko diru bilketa kanpainari eta maiatza bukaera arteko epea finkatu zuen. Helburuari zenbaki bat jartzerakoan, erronka handia planteatu zuen: 150.000 euro lortzea internet bidezko kanpainan, bide honetatik lortutakoa ez da makala: 142.604 euro. Diru kopurua bezainbeste baloratzen dute proiektuari ekarpena egin dion komunitate zabala. Zenbakiak xehe azaldu nahi dituzte, ohar honen bidez.

Interneteko diru bilketaren datuak
Guztira 801 diru ekarpen jaso dituzte internetez sei hilabete hauetan eta guztien artean 142.604 euro batu dituzte. Ekarpena egin duten guzti horien artean 36 eragile sozial eta ekonomikoak dira eta 765 norbanakoak. Lurraldetasunari begira, %74 Gipuzkoatik egin dira, eta gainontzekoa Euskal Herriko beste 171 herri ezberdinetatik; baita, beste 32 ekarpen estatuko beste lurralde batzuetatik.

Interneteko diru bilketa Coop57Fundazioaren eskutik egin da, bai kanpaina sustatzeko eta baita ere horrelako ekimen batek eskatzen duen prozedura eta xehetasun guztiak zaindu ahal izateko. Beraz, crowdfundinga amaitutzat ematen dute, nahiz eta hurrengo bi asteetan azken ekarpenak jaso ahalko dira crowdfundingeko web gunea ixten den bitartean.

Proiektua 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuten Azpeitian, ekitaldi jendetsuan eta hilabete hauetan zehar Euskal Herriko komunikabide nazional eta tokikoetan oihartzun zabala lortu du, komunikazio ahalegin mardulari esker. Horrekin batera, hainbat herri eta hirietan 12 aurkezpen egin dituzte proiektua aurrez aurre azaltzeko. Gipuzkoan hainbat herrietan eta Donostian ere egin dituzte aurkezpenak, eta Amillubiko Talde Eragiletik esan digutenez, Tolosaldea da oraindik proiektua aurkeztu ez duten Gipuzkoako bailara bakarra. Iruñean eta Algortan ere egon dira aurkezpenak, eta hurrengo hilabeteetan eskaerak edota aukerak ikusi ahala egiten jarraitzeko asmoa dute.

Guztira 390.000 euro biltzea helburu: beste diru iturrien balorazioa
Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 4 hektarea laborantza lur eta 5 hektarea baso dira, eta 500 metro koadroko baserria. Horiek denak erosteko eta baserria konpontzeko 390.000 euro batu behar ditu Amillubi proiektuak, 2025eko amaierarako. Azaldu den moduan, diru iturrietako bat internet bidezko kanpaina izan da eta 132.604 euro batu dira oraingoz bertan. Baina Biolur beste diru iturri hauek ere lantzen ari da:

Eragile eta norbanako batzuek beraien ekarpena ez dute internet bidez egin, Biolurrera jo dute zuzenean. Modu honetara 41.073 euro osatu dituzte. Ekarpen hori egin dutenen artean, 43 norbanakoak dira eta 13 arlo desberdinetako eragileak dira (sozialak, kulturalak, ekonomikoak, sindikalak,…).

Horrez gain, Kooperatibek urteko irabazien zati bat gizarteko proiektuetan inbertitzen dute (IPDK gisa ezagutzen dena). Euskal Herriko 6 kooperatibek bideratu dute haien irabaziaren zati bat Amillubi proiektura (crowdfundingetik kanpo) eta hauen bitartez 74.000 euroko ekarpena jaso dute.

Zozketa bat ere egin dute Amillubiren alde, eta txarteletan 17.592 euro eskuratu dituzte. Gainera, hainbat azoketan bono laguntzak jarri dituzte herritarren eskura, Amillubiri ekarpena egiteko modu gisa: bide horretatik oraingoz 6.280 euro bildu dituzte.

Maiatzean egin berri duten I. Udaberriko Festako diru kontuen itxiera oraindik zehaztu gabe dago baina horrek ere egingo dio ekarpena diru bilketari.

Bada beste diru iturri funtsezko bat: udalekin zein bestelako erakunde publikoekin hitzarmenak lotzea. Bide hori abiatu zuten proiektua martxan jartzean eta Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia eta Azpeitiako udalekin hitzarmena lotu da. Amillubi eta Elikadura Burujabetza estrategia sustatzeko aurrera begira beste udal batzuk ere batzea espero dute.

Beraz, oraingoz guztira 282.248 euro dira aipatutako diru iturrietatik batutakoak. Kontuak eginik, gaur gaurkoz 108.451 euro dira lortu beharko direnak hurrengo hilabeteetan, beharrezkoak diren 390.000 eurotara iristeko.

Amillubiko lantaldea oso pozik dago, orain arte batutako diruarekin 2024ko ordainketa konpromisoei aurre egin ahal izango dielako, eta 2025ean egin beharko dituen ordainketetara iristeko denbora irabazi duelako. Amillubi lantaldeak adierazi du baserria eta lurra saldu dizkion familiak aukera eman diola ordainketa epeka egiteko eta beraz, proiektu hau martxan jartzeko ez dietela bankuei hipotekarik ordainduko, eta erosketa zorrik gabe gauzatzearen helburua gertuago dagoela. Horrek oinarri egonkor eta sendoagoa eman ahal dielako bertan abiatuko diren elikagaien ekoizpen proiektuei.

Asko da orain artean lortutakoa, baina Amillubi lantaldeak inurri lanean jarraitu beharko du, herriz herri eta eragilez eragile proiektua aurkezten eta kide berriak batzen. Orain artean jaso duen babes ekonomikoa bezainbeste baloratzen du proiektura batu den komunitatea, eta bere esker ona adierazi nahi die denei. Halaber, komunitate guzti horren lorpen gisa ulertzen du lortutakoa, eta kolektiboan, herritik eta herriarentzat posible direla ekimenak landu. Zorionak denei!

49 eragile eta 955 norbanakok eusten dute oraingoz Amillubi proiektu kolektiboa
Era batera zein bestera ekarpen ekonomikoa egin dutenak 1004 kide dira. Horietatik 49 eragileak eta 955 norbanakoak.

Diru ekarpena egiteaz gain, lankidetza adierazpena edo hitzarmena egin dute hainbateragileekin. Hau osatzen joan da azken hilabeteetan eta Amillubiko web gunean (www.amillubi.eus) hau eguneratzen dabiltza orain. Hurrengo asteetan erakusgarri jarriko dute ere Amillubiko Komunitatearen sarea.

Kide kopuru zabal eta anitz honek erakusten du Amillubi proiektuak bere sorreratik lortu duen atxikimendua. Eta berresten du estrategikoak direla Amillubi proiektuak bere praktikarekin ezartzen dituen oinarriak: lurra ondasun natural moduan ulertu eta zaintzea, lurra kolektibizatzea, laborantza lurrak laborarien eskura jartzea, ingurumenarekin errespetuzkoa den laborantza egitea eta herritarrekin batera elikadura burujabetzara bidean urratsak ematea.

Orain arte proiektura batu diren eta ekarpen ekonomikoa egin duten kide guztiei eskerrak eman dizkie Amillubik, eta oraindik batu ez direnei dei egin die haziz doan komunitatera batu daitezen. Norbanako edo eragile moduan ekarpena egiteko hainbat aukera daude zabalik ere hemendik aurrera, bai kopuru osora iristeko falta diren 108.451 euroak batzeko, eta baita ere Amillubi, Lurra taupaka ibilbide indartzeko. Hona hemen ekarpena egiteko zabalik dauden bideak:

– Interneteko plataforma martxan egongo da ekainaren 14 arte: amillubi.coop57.coop/
– Biolurreko kontu korrontera zuzenean ekarpena eginda: ES37 1550 0001 2400 1666 3726
– Biolurrekin harremanetan jarrita: www.biolur.eus
– Bolondres-sarean izena emanez. Antolatuko diren auzolanetan lagundu nahi baduzu edo zure ezagutzak elkarbanatuz lagundu nahi badiozu Amillubiko proiektuari, jarri harremanetan: info@amillubi.eus helbidean edo 943 76 14 47 zenbakira deituta.
– Bonolaguntzak erosita. Azoketan, Biolurreko laborarien mahaietan eskuragai, baita Biolurreko laborarien ekoizpenak saltzen dituzten dendetan ere.
– Amillubi kamixetak erosita: Azoketan, Biolurreko laborarien mahaietan eta Argiaren dendan: azoka.argia.eus

Amillubin Lurra Taupaka dago
Momentu honetan diru bilketarekin batera udaberrian baratzezain ekologikoek porru landarea gertu eskuratu ahal izateko landaketa egin dute Amillubin, hektarea erdi arto eta babarruna erein da, eta hainbat azpiegitura egin eta hobetu dira; besteak beste, ur horniketa sistema berriztu da eta ur grisak eta beltzak bideratzeko fitodepurazio sistema berria jarri da martxan.
Eta, nahiz eta aurrera begira hainbat pausu definituak dituzten, hurrengo hilabete eta asteetan orain arteko balorazio sakona ere egin nahi du Amillubiko Talde Eragileak. Guztiaren berri izateko aipatutako bideetan eta sare sozialetan jarraitu ahal izango da proiektua, beraz adi! Eta eutsi lurrari!

Font: Argia/Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen helburua gainditu du, herritar eta eragileengandik 180.000 euro batuta